XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OROHAR, ZARAUZKO DENDARIEK BADUTE INTERESA EUSKARAZ ARITZEKO

Hala diote Dendaz Denda Euskaraz egitasmoan datu bilketan ari direnek.

Joan den azarotik dabiltza atzera eta aurrera lau neska hauek Zarautzen dauzkagun laurehun eta hogei dendatik goratan inkestak egiten. Alajainkoa! Ez da gutxi gero!

Zarauzko dendari eta bezeroen arteko harremanak euskaraz izateko aukera eman eta horretarako bitartekoak jartzea helburu duen egitasmoa jarri zuen martxan Udalak orduan.

Programa hau martxan jartzeko ideia duela urtebete inguru bururatu omen zitzaion Udalari.

Egun, Zarautzen, biztanleen %75 inguruk bere burua euskalduntzat duela eta dendarien artean ere portzentaia hori bera edo handiagoa eman daitekeela kontuan harturik, herriko harreman komertzialek ez dutela errealitate hau islatzen ikusi zuen Udalak. Eta lanari ekin zion.

Merkataritzan, dendaz denda, euskararen ahozko erabilera indartzea zen helburu nagusiena.

Horretarako, benetako erabilera maila zein den ezagutu behar zen lehenik, gero, Udalak euskararen erabilera bultzatzeko jarri beharreko bitartekoak jarri ahal izateko.

Dendari guztiengana hurbildu eta lehen datu bilketa egiteko, inkesta bat prestatu zen.

Eta inkesta hau aurrera eramateko EUTG-ko Euskal Filologia Fakultatearekin hitzarmena egin zuen Udaleko Euskara Batzordeak.

Eta ondorioz, lau lizentziatu berri zarauztarrek ekin zioten inkestak egiteari: Inkesta hauetan ahozko eta idatzizko datuak biltzen ditugu. Bezero bat dendara sartzen denean berak lehenengo hitza zein hizkuntzatan egiten duen, erakundeekin eta hornitzaileekin zein hizkuntza erabiltzen duen, telefonoko deiak nola erantzuten dituen... eta horrelako galderak egiten dizkiegu dendariei beraien ahozko erabilera ezagutzeko. Baina honen gain, idatziari ere begiratzen diogu: produktuen izenak, errotulua, publizitatea, ohar ezberdinak, administrazio paperak... zein hizkuntzatan idazten dituzten ere begiratzen dugu. dio inkestak egiten dabilenetako batek.

Gure ustez, bezeroak dendara sartu eta oharrak eta horrelakoak euskaraz idatzita ikusteak, bide ematen dio bezeroari ere dendariari euskaraz zuzentzeko.

Hala ere ez omen da hain erraza oharrak eta bestelakoak euskara hutsean jartzen dituen dendak topatzea: Euskara hutsean funtzionatzen duten denda gutxi aurkitu ditugu. Dendari gehienek esaten digutena da bezeroen artean denetik dagoela eta euskara hutsean jarriz gero, askok ez luketeka ulertuko. Dena den, esan beharra dago badirela pausu handi hori ematera ausartu diren dendariak ere.

Dendarien artean euskararen ezaguera mailaz galdetzerakoan, zera erantzun digute: Dendari gehintsuenak ez daukate arazo handirik euskaraz hitz egiteko haina asko euskaraz alfabetatu gabeak dira. Hori dela eta, batzuk, euskaldunak izan arren, ez dira ausartzen euskaraz idaztera, eta dendako oharrak eta horrelakoak erdara hutsean idazten dituzte.

Idazterakoan sor daitezkeen zalantza hauek konpondu nahian, Udalak eskuliburu bat ere atera du ohiko oharrak, errotulazioa, publizitatea, fakturak eta abar euskaraz nola idatzi behar diren argitzen duena.

Liburuxka horrekin batera, dendariek euren oharrak jartzeko balio duen kartel bereziak eta zabalik/itxita kartelak ere banatu ditugu dendatan. Hauez gain, dendariei gogorarazten diegu badirela dendarientzat prestaturiko itzulpen eta zuzenketa zerbitzua, ikastaro bereziak, edota errotuloak euskara hutsean jartzeagatik Udalak ematen dituen diru laguntzak. Gehienetan gustora hartu dute eskeini dieguna. Dena den, egia da deskonfiantzaz hartu gaituztenak ere izan ditugula, eta bat edo bestek antzarrak perratzera ere bidali gaitu.

Egitasmo hau ez omen da inkestak egite hutsean geratuko. Hala diote: aurreraxeago dendei jarraipena egiteko asmoa badago. Bakoitzak hartutako konpromezua zertan geratu den ikusi nahi dugu pixka bat. Gainera, bezeroentzako ere argitaratu dira liburuxkak erosketa zerrendak euskaraz egin ahal izateko argibideekin. Euskaraz egiten diren zerrendak bereziki horretarako prestatuko diren kutxetan sartuz gero, erosketa loteen zozketatan hartuko dute parte.

Dendariei eta bezeroei euskaraz egiteko erraztasun guztiak ematen zaizkie, baina, dendari bat baino gehiagok esan omen duten bezala: bezeroak berak aukeratzen du gehienetan zein hizkuntzatan hitzegingo den, haren borondatearen esku dago ia dena.